Usted está aquí: Inicio Albisteak 480 etxebizitza sustatzeko, Aieriko gunearen Plan Bereziaren onespena
Acciones de Documento

480 etxebizitza sustatzeko, Aieriko gunearen Plan Bereziaren onespena

20/04/2009

Ondarroako Udaleko Kudeaketa Batzordeak, gaur egindako Osoko Bilkuran, Aieriko Plan Bereziaren hasierako onespena egin du, 480 etxebizitza egiteaz gain bertako ingurumen berreskurapena egiteko.

Egitasmoak berebiziko lehentasuna ematen dio babestutako etxebizitzei, horrela guztiaren %88,15 babes publikoko etxebizitzak izatea aurreikusten da. Hain zuzen ere, %21,69 Erregimen Bereziko eta Orokorreko Babesekoak izango dira, eta %66,46 Tasatutako Autonomi edo Udal Babesekoak.  

Aierin aurreikusten den hiri antolamenduak aukera ematen du udaleko eta lurraldeko planeamenduak bateratzeko, hirigintza zein ingurumenaren aldeetatik. Horrela, Aieri inguruko hirigintza parte hartzeak espazioaren zati nagusia libre uzten du aisiarako lekuentzako. Honenbestez, Aieriko 13 hektareatatik, etxebizitzek %11,8 baino ez dute beteko, hau da, 14.770 metro koadro; %6,30 komunikazioetara, ekipamenduetara eta zerbitzuetarako dira; eta gainontzeko 110.135 metro koadroak, %82,62a, gune libre eta paduraren ingururako. 

Etxebizitzak itsasadarraren eskumako aldean eraikiko dira eta eraikinen kokapenaren ondorioz bi enparantza publiko sortuko dira. Erdialdeko bidearen hegoaldean dauden etxebizitzek merkataritzako ekipamendua izango dute. Biribilgune bat eraikiko da errepidearekin lotzeko eta Aieri eta ibaiaren ezkerraldearen artean loturako pasabide bat egitea ere aurreikusten da.  

Babes publikoko etxebizitza hauek Ondarroan prezio onean etxeak erosteko dagoen beharrizanari aurre egiteko balioko dute. 1986tik Ondarroak etengabe galdu ditu biztanleak, %20 inguru (11.177 biztanletik 8.987ra jaitsi da), batez ere etxebizitza gabezia eta honen prezio altua dela eta. Gainera, udalerriak etxebizitza huts maila baxua du, 215 hain zuzen ere 2007 urtean. Guzti honen eraginez, herriko hainbat biztanle inguruko herrietara bizitzera joan behar izan dira. Berdin, babestutako etxebizitzaren eskariak gora egin du, izan ere Lea-Artibaiko eskualdean 990 pertsona agertzen dira Eusko Jaurlaritzako Etxebide zerbitzuko zerrendetan babeseko etxebizitza eskatzaile moduan. 

Aireri Errenteria eta Kamiñazpiko hiri esparruen artean dago eta kalifikatuta dauden etxebizitza lurzoruen barruan sartzen da. Bere garapena Ondarroaren aspaldiko asmoa da, eta udal korporazio desberdinen proiektuetan egon da izan ere herria garatzeko gune naturala da. Herritarrek ere eskatu dute proiektu hau gauzatzea, izan ere Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak egin zuen azterketa baten arabera, gehiengoa Aieriko proiektuaren alde dago, %71 herrian prezio onean etxea erosteko aukera emango lukeelako, eta %29a ingurua berreskuratuko duelako, bizitza kalitatea hobetuz. 

2008an Eusko Jaurlaritza eta Udalaren artean sinatutako elkarlanerako hitzarmenaren ostean garrantzi handiko proiektu hau egia bihurtuko da, eta horretarako 82 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. 

 

Bide batez, ekimenak padura berreskuratzeko aukera ere emango du ingurumenaren aldetik. Honenbestez garrantzi berezia ematen zaio paduraren kontserbazioari itsasadarrari irabazitako lurren zati bat berreskuratuz, landare komunitate baliotsuenak indartuz, dagoen faunaren babesa bermatuz, Martin Arrantzalearentzat habiak eta atseden lekuak sortuz eta migrazio hegaztien egonaldiak erraztuz. Gainera, basotxoen bitartez paduratik isolaturik egongo diren zuhaitzez inguratutako pasealekuak eratuko dira eta txabola bat ere egingo da bertatik hegaztiak ikusi ahal izateko. 

Ekintza honetan inguruan dauden goi tentsioko lineak lur azpian sartuko dira eta aisiarako gune berriak egingo dira. 

Bihartik aurrera, apirilak 21, eta maiatzaren 31ra bitartean proiektuaren ezaugarri guztiak Kofradia Zaharreko bigarren solairuan egongo dira ikusgai. Bertan informazio panelak, maketak eta bideoak izango dira informazioa jakinarazteko. Ordutegia honako hau da: 10:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, astelehenetik larunbatera; eta 10:30etik 14:30era, igandeetan. 
 

 

Aurrekariak 

1993: Udalbatza osoak, aho batez, Udal Planeamenduko Arau Subsidiarioei hasierako onespena ematea erabaki zuen, eta Arau horietan Aieri etxebizitzetarako hiri lurzoru gisa mugatu eta sailkatzen da. Onartutako testuak aitortzen du “jarduketaren interes publikoa eta lehentasuna ematen zaio ekonomiaren aldetik aukera txikiagoak dituzten gizarte taldeei begira dagoen etxebizitza eskaintzaren arazo larriak konpontzeko”. 

1995: Otsailaren 17an, oraingoan ere aho batez, behin behineko onespena eman zion Udal Planeamenduko Arau Subsidiarioen Testu Baterakoari. 

1996: Martxoaren 4an, Udalak, oraingoan ere aho batez, onespena eman zion agiriari BAO-n argitaratu ahal izateko. 

2007: Apirilean Plan Bereziaren aurrerapena argitaratu zen, bertan Aieriko irizpideak, helburuak eta alternatibak definitu ziren. Hiru alternatiba aurkeztu ziren. 

2008: Apirilean Elkarlanerako Hitzarmena sinatu zen Ondarroako Udalaren et Eusko Jaurlaritzaren artean, Etxebizitza sailaren esk udagoen Visesa sozietate publikoaren bitartez.  

2009: Apirilean Aieriko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren hasierako onespena egin da.

 

480 etxebizitza sustatzeko, Aieriko gunearen Plan Bereziaren onespena

Aieriko Plan Bereziaren foto montaia