Iratxe Esnaolak irabazi du Zubikarai nobela saria
Iratxe Esnaola Aldanondo donostiarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa "Galerna" deritzan lanari esker. Berak jasoko ditu sariaren 5.400 euroak eta udaberrian kaleratuko du eleberria Elkar argitaletxeak. Hala erabaki zuten joan den ostiralean epaimahaia osatzen zuten hiru idazleek: Miren Agur Meabe, Ana Urkiza eta Xabier Mendiguren Elizegik.
Galerna: abuztuko azken eguna da itsasertzeko hiri turistiko batean; beroa jasanezina da, eta galerna datorrela antzematen da. Giro sargori horretan lau pertsonaia, beren arteko harreman sare nahasietan korapilaturik. Erritmoaren erabilera bikainez eta tentsioari une oro eutsiz, sentimenduen biluzte-ariketa trebea egiten du egileak, erromantizismoaren antipodetan, pertsonaiekiko distantzia nabarmen uzten duen idazkera hotz eta zorrotz baten bidez.
Iratxe Esnaola Donostian jaio zen 1983an. Kazetaritzan lizentziatua da EHUn, eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan Granada Unibertsitatean. Gaur egun unibertsitateko irakaslea da Txileko Santiagon. Hauxe izango du argitaratuko duen lehen lana.
Idazlearekin hitz egiteko (aste honetan soilik): 943462272
Sariaren historia
2001 Alberto Ladron Arana (Xake Mate)
2002 hutsik
2003 Fernando Morillo (Gloria Mundi) eta Iñaki Irasizabal (Burua txoriz beterik) (ex-aequo)
2004 Julen Peñagarikano (Apologia)
2005 Irati Jimenez (Bat, bi, Manchester)
2006 hutsik
2007 Jose Inazio Basterretxea (Mandatariaren gerra)
2008 hutsik