Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ondarroak bere inauteriak ospatuko ditu otsailaren 13, 14 eta 16an
Dokumentu Akzioak

Ondarroak bere inauteriak ospatuko ditu otsailaren 13, 14 eta 16an

2010/02/04

Ondarroako Udalak Inauteri jaietako egitarau zabal prestatu du aurtengoan ere. Jaia otsailak 13an hasiko da, izan ere larunbat horretan Lantzoi Jaunari ongietorria egingo zaio barran, arratsaldeko 20:00etan. Hortik hasita kalez kale joango da, Artelan taldekoen eskutik.

Hurrengo egunean, otsailak 14, antzerki saioa egongo da Kafe Antzokian. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera Lur Zabal eta Kukubiltxok 'Mortimer' helduentzako antzezlana ekarriko dute. Aritza Rodriguez arituko da taula gainean, Gorka Zero eta Josu Kamarak zuzendutako clown, musika, akrobaziak eta ezustekoz beteriko lana. Sarrerak bost eurotan egongo dira salgai Zurrumurrun eta Kafe Antzokian bertan.

Inauteri asteartea, otsailaren 16a, herriko umeen kalejirarekin hasiko da, goizeko 11:30ean. Haurrak kalez kale joango dira mozorrotuta Ibaiondotik Itsasaurre plazara. Ekitaldi hau Txomin Agirre ikastola, Zaldupe eskola publikoa, Zubi Zahar ikastola eta Ondarroako Udalak antolatu dute. Aurten ezusteko atseginak egongo dira kalejirako partaideentzat.

Arratsaldeko 18:00etan Play back lehiaketa egingo da Kafe Antzokian, Udalak eta Txirrimorraski ODLT taldeak antolatuta. Bi mailatan banatuko da norgehiagoka; 11 urte artekoentzat eta 12 eta 16 urtera bitartekoak. Sariak herriko dendatan erosketak egiteko txartelak izango dira; 150 euro, 125 euro eta 75 euro 11 urtetik beherakontzat; eta 200 euro, 150 euro eta 100 euro 12 eta 16 urte bitartekoentzat.

Ordu erdi beranduago, 18:30ean, lagun arteko futbol partida jokatuko dute Zaldupen Ondarroako Aurrera taldeak eta Markinako Artibaik.

Urtero legez, jaien amaiera Akuliaren enterruarekin egingo da. Hau arratsaldeko 20:30ean hasiko da barran eta, kalez kale, ibili eta gero sermoia egingo dute Zubi Zaharrean. Azken ekitaldi hau ere Artelan taldeak antolatu du, Ondarroako Udalarekin batera.

Ikus egitarau osoa PDF formatuan.