Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zaldupeko oinezkoentzako zaldaina zabalduko dute
Dokumentu Akzioak

Zaldupeko oinezkoentzako zaldaina zabalduko dute

2010/01/27

Zaldupeko zubiaren alboan eraiki den oinezkoentzako zaldaina berria bihar, urtarrilak 28, irekiko dute behin betiko. Irekieraren ostean ibaian behera geratzen den espaloia itxi egingo dute bertan proiektuaren bigarren fasean aurreikusten diren egokitze lanak egin ahal izateko.

Zaldupeko zubiaren egokitze eta hobekuntza lanak iazko maiatzean hasi ziren eta 908.497 euroko aurrekontua dute. Zubiaren alderik deigarriena zortzi metroko altuera duen arkua da, bertatik tiranteek eusten dutelarik zubiaren beheko aldea. Izan ere, hau ibaiaren bi ertzetan oinarrituta dago, eta horrela ibaiaren hondoan ez da zertan zutaberik jarri behar. Egiturak 52 metroko luzera du, lau metroko zabalera eta lehengo zubiaren alboan egin da baina honengandik banatuta. 

Zaldaina eraikitzen egon diren bitartean ibaian gorako espaloia itxita egon da eta orain ibaian beherakoa itxiko dute bertan egokitze lanak hasteko. Espaloi honek ere arazo asko sortzen zituen mugikortasun arazoak dituzten pertsonek bertatik igarotzean edo gurpildun aulkiekin pasatzean, horregatik indarrean dauden irisgarritasuneko arau guztiak betetzeko moduan egokituko da. Espaloi honek bi metroko zabalera edukiko du eta egitura zaharrean mantenduko den bakarra izango da, beste guztia errepidea zabaltzeko baliatuko delako. Guztira zazpi metroko galtzada geratuko da, noranzko birekin orain arte bezala. Ibaian gora, oinezkoek bakarrik zeharkatu ahal izango dute eraiki berria den zaldainetik. Espaloi berria egokitu eta bidea asfaltatzeko lanak hilabete inguruan luzatuko dira.