Albisteak

 

Urritik aurrera Jabekuntza Eskolaren ikasturte berria irekiko da Etxelilan. Aurreko urteetan ez bezala, aurten parte hartze guneak zabalduko dituzte. ‘Ondarroako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak ez du eskola hutsa izan nahi, horregatik parte hartzea sustatzeko guneak zabalduko ditugu’ azaldu du Bisit Beiro Berdintasun arloko zinegotziak.

Aipatutako parte hartze guneak ezberdinak izango dira. Lehenengoa, aringaingan Lilatoire izenekoa izango da eta Ainhoa Azurmendi kirol aholkulari eta berdintasun arloan adituaren hitzaldiarekin irekiko da gunea, horren ostean, parte hartze gune ireki bat sortuko da aringa-aringa egiteko. Bertan edozeinek parte hartu ahal izango du eta lehenengo hitzordua urriaren 5ean (eguaztena) 19:00etan jarri dute.

Literaturaren inguruan hausnartzeko tartea ere izango da Etxelilan. Horretarako, literatura, irakurketa eta ikuspegi kritikoa ikuspegi feministatik lantzeko interesa duen guztiak hileko azken barikuetan izango du aukera. Lehenengo saioa azaroaren 12an (zapatua) izango da 10:00etan.

Azkenik neska gazteak biltzeko txokoa ere irekiko da ikasturte berrian. Zalantza eta kezkak partekatzeko gunea izango da honakoa eta feminismoaz hazteko irrikaz dagoen guztiari zuzendutako txokoa izango da. Txoko berri honen egutegia oraindik zehazteke dago.

Ikasturte  honetan  feminismoa lantzen jarraituko da, besteak beste, ekonomia feminista, sorkuntza artistikoa, sexualitatea eta zahartzaroa landuko dira beste hainbat gairen artean. Ikastaroen artean sorkuntza artistikoaren tailerrean berezitasun gisa baldosa hidraulikoak egiten ikasiko dute bertan parte hartzen dutenek, ondoren horrekin herria mural bat osatzeko.

Egitaraua (PDF 4,33MB)

Matrikula egiteko informazioa