Kultura ondarea
Ondarroan dauden kultur ondarerik interesgarrienetako batzuk.
Andra Mari Eliza
Haitz baten gainean eraikia, oinarritzat duen basamenduak arku handiko harresi bat osatzen du, antzina soto bezala eta itsasontziak amarratzeko erabiltzen zena.
Lanak 1480ean hasi ziren eta XVI. mendean amaitu ziren. 1744an tenpluaren barnealdean birmoldaketa garrantzitsua egin zen Ignazio Iberoren zuzendaritzapean.
Eraikina gotiko berantiar estilokoa da, 'Errege Katolikoak' joeraren oso gertukoa. Trazeria gotikoko leihoak eta arrosa-leihoak aurkezten dituzten hormak lorez beteriko friso batek apaitzen ditu; horren gainean irudi geometrikoak dituen gailurreria dago. Erlaitzetan zehar giza eta animali irudiko xurrutarri ugari daude.
Adierazgarri suertatzen da flandestar-borgoniar estiloko hamabi irudik osatzen duten 'segizioa', Ondarroan 'Kortxeleku-mamuak' izenaz ezagutzen direnak.
Alde Zaharra
Hiribildua hondatu zuten sute desberdinen ondorioz, batik bat ehun bat eraikinen galera eragin zuen 1794koaz geroztik, Ondarroako hirigune historikoan erdi-aroan altxatutako oso eraikin gutxi kontserbatzen dira. Alabaina, antzina harresitura egon zen hiri-bilbadurak jatorrizko trazatua mantentzen du eta Erribera, Kale Handi eta Txomin Agirre kaleak abaniko forman elkartzen dira Andra Mari elizan.
Orube sakon eta estuetan pilatutako etxeek oraindik ere lehen urteetako hirigintza gotikoaren arauak jarraitzen dituzte. Lursail malkartsuetan kokatuak, mailaka eraikitzen dira, hortaz zenbait eraikinek fatxada nagusian sei solairu dituzte eta atzekoan bi baino ez.
1994an Eusko Jaurlaritzak Ondarroako hirigune historikoa Kultura Ondare aitortu zuen Monumentu Multzoen mailan.
Likona Dorrea
1794an, Konbentzio Gudan, armada frantsesak eragindako sutetik salbatu zen eraikin gutxienetakoa izan zen.
XV. mendean eraiki zen, ziur asko aurreko dorre baten gainean, eta hiriko gotorlekuaren adibiderik argienetarikoa da. Liconatarrena izan zen, jatorriz Mendexakoak ziren merkatari boteretsuak eta ondoren Gipuzkoan betiko kokatu zirenak.
Seguruenik etxe honetan Loiolako San Ignazioren ama zen Marina Saenz de Licona jaio zen.
Kofradi Zaharra
Santa Klara Kofradi Zaharra XIV. mendean eratu omen zuten. Hasieran arrantzaleei eta horien familiei erlijio-laguntza eta gizarte-sorospena ematea zuen helburu.
Kofradi Zaharra bezala ezaguna den egungo eraikina XX. mende hasiera arte Ondarroako portuko amarralekua izan zen tokian dago.
Bere estiloak erdi-aroko elementuak elementu klasizistekin eta barrokoekin bateratzen dituen arren, eraikuntza 1920koa da eta proiektua Pedro Guimón arkitektoak egin zuen. Egun turismo bulegoaren egoitza da.
Udaletxe Zaharra
Andra Mari parrokiaren elizaren fatxadari itsatsita dago eta antzina herri-eskola ere izan zen.
XVIII. mende amaieran eraiki bazen ere, 1850ean fatxada berregin zen Mariano José de Lascurainek burututako diseinuari jarraiki. Hareharrizko harlanduan eraikitako lan neoklasiko bikaina da.
Aipagarria da, balkoi nagusia eusten duten bi zutabe sendok zedarritzen dutena
Antiguako Ama baseliza
Gaur egungo Antiguako Amaren baseliza, antza Ondarroako lehenbiziko parrokia, XV. mendearen amaieran eraiki zen, honi buruz bildutako informazioa askoz lehenagokoa den arren.
Hiribilduaren gainaldean dago, kokaleku estrategiko batean, eta segur aski antzina gotortuta egon zen.
Kanpoko estalkiaren parte batean baino ez dirauen bere estilo gotiko originalak mendeetan zehar moldaketa ugari jasan izan ditu. Hori dela eta, estilo gotikoa, neoklasikoa eta barrokoa bateratzen ditu gaur egun, azken hori 1759an Francisco Iberok egindako berritze-lanen emaitza izanik.
Pietate edo Aita Eterno Baseliza
XIV. mendean jatorri duen XVII. mende erdiko santutxo barroko zahar hau zubi zaharraren alboan dago, antzina hiribildutik Gipuzkoako herrietara joateko irteeran.
Santutxo honen elizpeko punta erdiko arkupetik ibiltariak igarotzen ziren, eta bidean atseden hartuz, babesa eskatzen dioten jainkoari.
Zubi Zaharra
Herriko elementu enblematikoenetakoa da. Mendeetan zehar gutxienez hiru edo lau zaharberritze lan (azkena 1961ean) jaso dituen harrizko zubi honek hartu zuen 1330ean jada existitzen zen egurrezko zubi altxagarri zaharraren lekua.
Ibaian gora zihoazen itsasontziek eta zeharkatzen zuten abereen jabeek ustiapenaren jabea zen hiribilduari zerga bat ordaindu behar zioten.
Plaiko Zubia
'Plaiko zubixe' (hondartzako zubia) bezala ezaguna den zubia edo pasagunea XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako "burdin-arkitekturaren" adibide polita da. 1927an eraiki zen eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu zue Arrigorriko hondartzarako bidea errazteko. Harearrizko bi gontzek eusten zuten burdinazko egitura, azken hori gontz horietako baten gainean biratu eta ireki egiten zen tamaina handiko itsasontziei sartzen uzteko.
1970eko hamarkada arte bertatik igarotzen zirenek bidesari bat ordaindu behar zuten, eta hasieran 5 zentimokoa zenez 'Txakur-txiki' izenez ere ezaguna izand a zubi hau.
Itsasaurreko zubia
Ondarroako zubi guztien artean berriena da. Santiago Calatrava arkitekto eta ingeniari ospetsuak diseinatu zuen, hortaz beti izan da ezaguna 'Calatrava zubia' bezala. Burdinez eta zementuz eraikia, estilo abangoardistako zubi hau 1995ean eraiki zen.
Beste batzuk
Ondarroatik Berriatuarako bidea eginez gero, San Juan Bataialariaren baseliza ikusgarria dago, Arantzibia dorretxearen ondoan. Bertako paisaian, aipagarriena da Santa Kutz haitza. Arkeologia gustokoa dutenek ostera, Goikolau kobazuloa eta Armiñako hobi paleolitikoa ikusi behar dituzte. Gomendatzeko moduko beste ibilaldi bat Milioi gainera igotzea da, bertatik panoramika ikusgarria da.